XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskola estataletan euskara irakasteko idoneoak behar
Plaza horien banaketa datorren ostiralean egingo da.

DONOSTIA (EGIN).

- Hona hemen, idoneo moduan eskola estataletan euskara irakatsiko dutenak aukeratzeko orduan erabili diren irizpideak.

Joan zen ikasturtean Delegazioak kontrataturik idoneo moduan lanean ibili zirenak onartuko dira lehendabizi.

Gero, Ikastola eta Eskola Estatala bat egin direlako, lanik gabe geratu diren andereño eta irakasleak.

Ondoren, irakaskuntzarako balio duen tituluren bat (maixutza, Lizentziatura edo Unibertsitate-eskolaren bateko diploma) eskutan dutenak.

Hurrena, magisterio eskoletan 3. ikasturtean matrikulaturik daudenak Euskaltzaindiaren D-diploma baldin badute, edota hori ezean horientzako prestatu diren azterketak gainditu dituztenak.

(Azterketa hauek urriaren 20 eta 26an izan ziren).

Horien ondotik hauek hartuko dira, alegia, Unibertsitateko karreraren batetan 4. edo 5. kurtsoan ari direnak.

Hauei ere, Euskaltzaindiaren D maila edo Batzorde Mixtoak antolatutako azterketak gainditurik izatea eskatuko zaie.

Ondoren, Euskal Filologia karreran 3. urtea egiten ari direnak, hauek ere aurrekoei jarri zaizkien baldintzak beteko dituztelarik.

Azkenik eta oraingoz, eskoletan edo ikastolan zenbait urtez ihardun dutenak.

Guztiok ezinbestekoa dute lan honetarako eskabidea eginik izatea.

Eginik ez badute, ez dira konbokatoria honetan sartuko.

Baldintza hauek bete behar dira.

Ondoko baldintza hauek betetzea ere ezinbestekoa da: ikastola edo beste eskolaren batetan lanean aritu direnek, ikastetxeko agiria behar dute; D-mailako diploma dutenek, beronen fotokopia bat edo bestela agiriarena; ikasten ari direnek, matrikularen fotokopia bat.

Eskatzen diren agiri hauen fotokopiak, datorren ostegunean, azaroaren batean, goizeko 11etatik 13,30etara bitartean Donostiako Delegación de Educaciónean entregatu behar dira, Lasala plazan; Bizkaian, Bilboko Delegación de Educaciónean.

Gipuzkoarrek hantxe bertan ikus ditzakete Gipuzkoako herri eta eskola bakoitzean idoneoentzat atera diren bakanteak.

Plaza hauen banaketa, datorren ostiralean, azaroaren bian, goizeko hamarretan egingo da Peñaflorida Institutotan.

Konbokatoria honen bidez plaza guztiak betetzen ez badira, konbokatoria berria egingo da, baldintzak eta besteak aldez aurretik adierazi ondoren.